Ekin Emakumeak

Ekin Emakumeak elkartearen logotipoa

Ekin Emakumeak 1995. urtean sortu zen kultur elkarte bezala. Bere jatorria AEDren emakume taldean du. Beraz, euskararen normalizazioa bultzatu eta bideratzeko sortutako elkartea da.

Sorrera:

AEDko Kultura Taldearen baitan sortu zen Ekin Emakumeak. Bospasei emakumek eman zituzten lehenengo urratsak eta taldea sortzeko arrazoiak batik bat bi izan ziren:

  • Etxekoandreek beraien haurrenganako hizkuntzaren transmisioan duten garrantzia kontuan hartuta, emakume hauek euskararekiko zenbat eta motibatuago egon, orduan eta gehiago hitz egingo dute euskaraz.
  • Emakumeentzako hainbat ekintza euskaraz eskaintzea, euskadun izatea osotasunean bizi ahal izateko.

Hitzaldiak antolatzen ziren hasiera hartan batez ere, etxekoandreei zuzenduta.

Berehala mintza-praktika lantzen hasi ziren: 25 emakume inguru, euskaldun zaharrak eta berriak, elkartzen ziren astero eta AEK-ko ikasle eta gero irakasle izandako emakume batek bideratzen zituen saioak.

Hurrengo urratsa ikastaroak antolatzea izan zen: Euskal Herriko historiari eta Arrasatekoari buruzko bana hasieran. Horien ondoren etorri ziren gainerakoak: sukaldartiza, eskulanak, yoga, erlajazioa, psikologia, reflexoterapia, lore-zainketa, sexualitatea... beti etxekoandreentzat eta beraien ordutegira egokituta.

Gaur egun:

Hiru dira, gaur egun, elkarteak garatu dituen oinarri edota lan-ildoak:

  • Arloak: kultura, ingurune soziala, osasuna, hezkuntza eta aisialdia.
  • Auzoak.
  • Elkartearen funtzionamendurako oinarriak: elkartearen eta baliabideen kudeaketa, antolamendu kultura eta laguntza egiturak.