EHE

Euskal Herrian Euskaraz elkartearen logotipoa

Sorrera:

Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979ko azaroaren 4an aurkeztu zen euskal jendartearen aurrera. Durangoko Azoka izan zen lehen agerpena egiteko hautaturiko lekua. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez lelopean ekin zion orain arteko 24 urte luzeko bideari. Orduko hartan, osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, helburu argia plazaratu zuen elkarteak, Euskal Herria euskalduna lortzea, eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izango zuela baieztatu.

Gaur egun:

Urte andana igaro da ordutik eta euskararen egoerak aldaketak izan dituela ukatu gabe, egituraz egoera oso kaskarrean dago gure hizkuntza: baztertuta eta bere lurraldean onarpen legalik gabe. Inposaturik dugun marko juridikoak euskararen lurraldea zatitzen du eta euskarari egoera legal ezberdinak inposatu. Euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen zaizkigu, inongo lurralde bereikeriarik gabe, funtsean, bi hizkuntza horien estatuen menpe gaudelako.

Noski, EHEren helburu nagusiak bere horretan dirau: euskaraz biziko den herria, elebakarra, baina herritar eleanitzez osatua. Erradikala dela esan dezake batek baino gehiagok. Baina, bere sortze egunean azaldu bezala, elebitasun egoerak iragankorra izan behar du eta ez helburu. Hizkuntzen arteko harremana gatazkatsua da pertsona batek ezin dituelako aldi berean bi hizkuntza hitz egin; jakin ditzake, baina uneoro bat erabiliko du. Kolektibo batez ari garenean, egoera berdian da: hizkuntza bat baino gehiago jakin daitezke baina bat nagusituko da erabiltzeko garaian.

Egungo Euskal Herrian elebitasun sozialaren alde egiten duena erdararen nagusitasunaren eta euskararen mendekotasunaren alde jartzen ari da. Elebitasunaren gezurraren aurrean euskaldunok jasan beharreko zapalkuntza azpimarratu behar dugu: eskolaren bidez erdararen ezarpena, administraziotik baztertua, bizitza sozialean desprestigiatua...