Helburuak
Arizmendi ikastola koooperatiba integral bat da eta bertako partaide garenon zeregina 0-21 urte bitarteko etapetan, lanerako prestakuntzan eta heziketa iraunkorrean hezkuntza eta prestakuntza zerbitzuak eskaintzea da, baita arlo kultural eta sozialean ere,
Gizartearen eskakizunetara adi egonik, pertsona ekintzaile eta sortzaileak trebatzea eta garatzea da gure eginkizuna, hauek beste pertsonekin batera lankidetzan jarduteko gai izan daitezen eta euren ingurunea eraldatu eta hobetu dezaten.
Euskara eta Euskal Kulturaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu betiere irekitasunez eta elkartasunez beste herrialde eta kulturetara zabalik egonik.
Ikasle, enpresa eta kolaboratzaileekin batera autogestioaren bitartez langileok kooperatibaren erantzule zuzenak bihurtzen gara.
Euskaraz Bizi proiektua:
Euskaraz Bizi proiektuak Euskararen Normalkuntzan sakontzea du helburu, gure inguru hurbilaren hizkuntza errealitatea ezagutu, aztertu eta aurrerapausoak ematea, ikasleen bizitzako esparru eta funtzioetan euskararen ezagutza eta erabilera orekatzea, alegia.
ARIZMENDIren funtzionamendu esparru guztiei eragiten dien proiektua da eta ezinbestean partaide guztien inplikazioa eskatzen du.
Era berean, gure hizkuntza asmoekin bat datorrenez, gure Hezkuntza Proiektuan aurkitzen du proiektuak bere kokagunea bateginik egitasmo bakarrean.
