Helburuak

Mondragón Goi Eskola Politeknikoa, José Maria Arizmendiarrieta Koop. Elk. MCC eta MU barruan dago, eta hauxe du helburu:

Gizartea eraldatzea, ordena sozial bidezkoago eta solidarioagoaren alde eginez eta pertsonen eta komunitatearen garapen orekatu eta jasangarria bultzatuz.

Nola?

Ingeniariak eta teknikariak prestatuz, era integralean prestatu ere, eta bizitza osoko ikaskuntzaren bidea jorratuz, biak giltzarriak baitira gizartea garatzeko.

Etikan oinarritutako ikerketaren, garapenaren, berrikuntzaren eta promozioaren bidez, herriek aurrera egiteko oinarrizkoak diren aldetik. Bestalde, Zientzia eta Teknologia sozializatzen lagunduko du.

Horretarako:

Lankidetza-harremanak sortzen ditu MCCko enpresekin eta beste erakunde batzuekin. Era berean, gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrak behatu eta interpretatzeaz gain, horiei erantzungo dieten zerbitzu berriak diseinatu eta ezartzen ditu Gizabidea Fundazioarekin eta bazkide laguntzaileekin elkarlanean.

Edonori gizartean sartzeko erraztasunak eta aukera-berdintasuna eskaintzeko politika du, bai eta kudeaketa-sistema eraginkorra ere. Horiek guztiak balio kooperatiboekin bat ezartzen ditu.

Behar-beharrezkotzat jotzen ditu langile, ikasle eta enpresa kolaboratzaile berritzaileak eta konprometituak, eta horiek ere proiektuaren jabe eta protagonista bihurtzen ditu.

2004-08-12rako Plan Estrategikoak Gizartearekiko konpromisoa atalean dioenez:

MGEP hurbileko ingurunearekin duen erantzukizun sozialerako konpromisoa Euskararen arloan zentratzen da. Euskaraz ematen diren kredituen eskaintza handitzeaz gainera, MGEPek parte hartze aktiboa du Arrasateko Udalaren Euskara Planean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian alegia, eta datorren ikasturterako Arrasateko Euskalgintzan parte hartzea erabakita dauka dagoeneko.

Horrez gainera, Ezagutzaren Klusterraren Euskara eta Kudeaketa foroan ere hartu du parte, zeinak Euskara Enpresaren Kudeaketan, Gakoak eta Esperientziak izeneko liburuan bertan parte hartzen dutenen diagnostikoak eta esperientzia praktikoak argitaratu dituen.

Azkenik, ikasturte honetan arlo sozio-laboraleko euskarari buruzko diagnostiko bat egitea abiarazi da, EMUN, Koop.E.rekin lankidetzan, eta horren ondotik zehaztuko dira MGEPeko kolektiboan garatu beharreko ekintza planak.

Euskara Planaren Misioa

Gure helburua M.U. barruan euskara lan hizkuntza nagusia izatea da eta euskarazko zerbitzua nahi duten guztiei eskaintza hori bermatzea. Horrela, gure bezeroak asebete nahi ditugu, gizarteari unibertsitate euskalduna eskaini nahi diogu eta euskaraz funtzionatu nahi dugu. Horretarako, gure errealitatera eta beharretara egokitutako eta parte hartzailea den euskara plan bat martxan jarriko dugu.

Ildo estrategikoak:

  • MGEP Unibertsitate euskalduna da.
  • Hizkuntza nagusia (erabilera hizkuntza) euskara izango da.
  • Planak euskararen beharra ikusaraztea du helburu eta era berean hausturarik ekarriko ez duen plana izango da, oreka bilatuz ibiliko dena. Bertako langileei lana euskaraz egiteko erraztasunak emango zaizkie. Horretarako motibazioa lantzea izango da helburuetako bat.
  • Etorkizunean (etorkizun hurbilean) euskara beste hainbat hizkuntzekin batera elkarbizitzen egongo da. Beraz, fakultatearen zerbitzu hizkuntza eleanitza izango da, beti ere euskarari lehentasuna emanez.
  • Plan integratzailea izango da; euskaraz ez dakitenak integratzeko bideak jarri beharko dira eta ohitura berriak hartu.
  • Enpresekiko harremanetan euskararekiko erabileran aurrerapausoak eman ahal izango dira.