Mondragon Goi Eskola Politeknikoa

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak 1943an ekin zion irakaskuntzari, aita Jose Maria Arizmendiarrietak bultzaturik, bera izan baitzen Arrasateko esperientzia kooperatiboaren sortzailea. Ordutik hona handitzen joan da etengabe eta, aldi berean, hainbat enpresa-ekimen berritzaile sorrarazi ditu.
Eskolaren historiako une gogoangarrienetako bat 1956an jazo zen, bertako bost ingeniari teknikok Arrasateko mugimendu kooperatiboko lehenengo kooperatiba industriala sortzean: ULGOR Koop. Elk., gaur egungo FAGOR, hain zuzen ere.
Aipu berezia merezi du, era berean, 1966an sortu zen ALECOP kooperatiba industriala: ikasleei ikasketak eta lana bateratzeko aukera ematen dien enpresa horrek 50 bazkide monitore eta 700dik gora bazkide ikasle ditu gaur egun.
Bestalde, 1972. urteko gertakari nagusia internazionalizazioari emandako bultzada izan zen, urte hartan hasi baitziren trukaketak atzerriko unibertsitateekin. Halaber, Eskolak partaidetza aktiboa izan zuen 1986az geroztik Prestakuntzaren eta Ikerketa eta Garapenaren arloetan nazioartean egindako hainbat proiektutan.
1974an, IKERLAN Ikerketa Zentroa sortu zen. Gaur egun, 200 ikertzaile inguru ditu, eta Espainiako puntako ikertegietakoa da.
1983an, Jose Maria Arizmendiarrietaren hil osteko lana izan zen Gizabidea Irakaskuntzako Fundazio Pribatua aintzatetsi zen. Eskolaren eraikinak Fundazio horren eskuetara joan ziren.
Eskolaren zuzeneko partaidetzak beste enpresa-ekimen batzuk ere sorrarazi ditu bere historian zehar, adibidez 1985ean eratutako DIARA, Diseinu Industrialeko enpresa aitzindaria, bai eta hainbat heziketa-zentro ere, hiru hamarkadan zehar.
Aspaldi gabe, 1996an, CEI-SAIOLAN enpresa sortu zen, sektore aurreratuetako enpresa berrien haztegi gisa; hala ere, jarduera hori 1984tik ari zen fruituak ematen.
1995ean, Goi Eskola Politeknikoak ISO kalitate-ziurtagiria jaso zuen (ER353/ 1/95); Espainiako estatuko lehenengo unibertsitate-zentroa izan zen, eta Europako lehenengoetako bat.
2003-2004an, zilarrezko Q saria eman diote MGEPri, Euskalitek egindako kanpo-ebaluazioan 400dik gora puntu lortzeagatik.
Azkenik, azpimarratu beharra dago 1997an Mondragon Unibertsitatea sortu zela, Deba Garaiko beste bi unibertsitate-zentrorekin batera: Oņatiko ETEO Koop. Elk. eta Eskoriatzako Irakasle Eskola Koop. Elk.
