EUSKARAREN EGUNEAN, EGIN ZAITEZ KORRIKA LAGUNTZAILE
2006-11-27 ¦ ERDU AEK
Euskarak behar gaituelako heldu Korrikari eta egin zaitez korrika laguntzailea. Euskararen Egunean izango duzu aukera Seber Altube plazan.
Bi urtean behin izaten da antolaketak demaseko lana eskatzen duelako, bi urte! Luze ematen du baina, ja!, hemen daukagu berriro, gainean dugu!
Korrika 15 Karrantzatik HELDUKO zaigu; euskarari, hitzari, herriari eta elkarlanari HELDUko diegu lekukoari HELDUtakoan, eta mezu galanta HELDUko da Iruñera milaka euskalzaleon eskutik.
Bai lagunok, Korrika 15 badator eta euskararen aldeko ekimen erraldoiari HELDU beharko diogu denon artean, Arrasatearrok eta Debagoiendarrok betik, eta batez ere azken urteotan, erakutsi dugun eran gainera.
Baina zelan HELDUko diogu bada KORRIKAri? Aurreneko pausoa KORRIKA LAGUNTZAILEA dugu, egitasmoa burutzeko AEKk laguntzaile sare galanta behar duelako. Laguntzaile izateko inprimaki bat bete eta 12€ko laguntza emango dugu. Laguntzaile izateagatik bi sari izango ditugu GAINERA; HELDU ipintzen duen PINa eta urtarriletik aurrera ehundaka lekutan beherapenak izateko aukera emango digun KORRIKA LAGUNTZAILE TXARTELA.
Laguntzailea izateko modua eta aukera, Erdu AEKkook elkarte eta erakunde ugariren laguntzaren bitartez zabalduko dugu Arrasaten eta eskualde osoan, baina hasiera Euskararen egunean emango diogu kanpainari, egun horretan ipiniko dugun mahaiarekin.
Bestelako edozein harremanetarako, deitu 943 770369 telefonora, idatzi arrasate@aeknet.net helbidera edo etorri Garibai 14an dagoen Erdu euskaltegira.
Denon laguntzarekin, Euskal Herria euskalduntzera HELDUko gara zalantza barik.
Erdu AEK euskaltegia

