« Itzuli albistegira

Erdu AEK Laugarren maila ikastaroa emango duten hamar euskaltegien artean sartu da

2006-10-02  ¦  dinamizatzailea

Arrasateko Erdu AEK Laugarren maila ikastaroa emango duten hamar euskaltegien artean sartuko da aurten. EGA edo baliokidea dutenentzat dago zuzenduta eta arlo profesionalean euskara maila egokia lortzeko bidea jorratuko da.

Aurten, berrikuntza bezala, Arrasateko AEK-k 4. maila eskeiniko du EGA edo titulu baliokidea dutenentzat. Ikastaro hau berria da, iaz hasi ziren ematen 5 euskaltegitan eta aurten hamarrera zabaldu da, tartean Arrasateko Erdu AEK. Hori ahalbidetzeko, irakasle bik uztailean eta irailean zehar HABEk horretarako antolaturiko ikastaroan parte hartu dute.

Laugarren mailako helburuak euskara maila zaindua lortzea, 4. perfila prestatzea edota lanerako gaitasun komunikatiboa hobetzea dira. Gure eskualdean, euskaraz lanean ari direnentzat baliagarri izan daiteke beraien ibilbide profesionala hobetzeko eta sakontzeko. Horrez gain, lan merkatuan euskara maila gero eta gehiago baloratzen ari da gaur egun eta hainbat lanpostu lortzeko bidea erraztuko du.

Gaitasun komunikatiboa xede

Klaseak presentzialak izango dira, eta bertan ikasle bakoitzak bere gaitasun komunikatiboa hobetuko du eta, batez ere, testuen lanketan sakonduko da. Gaitasun komunikatiboa idazmenean zein ahozkoan landuko da; azken finean, bakoitzak bere jardunean euskara egokian aritzea baita helburua.

Klase presentzialez gain, etxerako lana ere izango da, ikasle bakoitzak bera aditua den gaiaren edo jardunaren inguruan proiektua burutu beharko du eta. Lan honen jarraipenerako tutoretzak antolatuko dira. Horrela bada, ikastaroa gainditzeko eskolako lanak eta proiektua, biak, ezinbestekoak izango dira.

Hau lortuta, HABEren 4. mailako azterketara aurkezteko aukera izango du ikasleak, eta bertan, berak burututako proiektua, idatziz edota ahoz, aurkeztu beharko du aztertzaileen aurrean.

Astean bi egun

Klaseak astean bi egunetan izango dira, arratsaldez, 2 ordu eta erdiz, eta matrikula zabalik dago urriaren 11 arte . Bestalde, ohiko klaseak ( euskalduntze maila guztiak eta EGA) urriaren 2an hasi dira, eta martxan dauden taldeetan oraindik izena emateko aukera zabalik dago. Euskara ikasteko interesa daukatenak gerturatu daitezela Erdu aek euskaltegira edo harremanetan jar daitezela telefonoz (943770369) edo arrasate@aeknet.net helbidearen bitartez.