Eta zu zergatik ez... Zahar Berrin?
2006-09-26 ¦ dinamizatzailea
Zahar Berri hasi da ikasturte honetarako eskaintza prestatzen, ilusioz beteta hasi ere, aurtengoarekin hamar urte beteko baititu euskara ikasleei eta euskaraz egiteko beharra sentitzen dutenei bultzada emateko sortu zen egitasmoak.
Badaukazu zer eskaini, badaukazu zer ikasi. Horixe izan da bere sorreratik Zahar Berriren leloa. Izan ere, euskaldun berri eta zaharren topaleku da euskara ikasten dabiltzanei edota inguruan euskaraz berba egiteko jenderik ez dutenei guneak zabaltzeko sortu zen egitasmoa. Horrela jarri ziren abian urteotan jarraitu dituen bi lan-ildo nagusiak:
Berba laguna: astean behin elkartzen dira, beraiei komeni zaien ordu eta lekuan. Euskaldun zahar eta berrien arteko tertulia da helburua, azken haiek euskaraz lasai egiteko aukera izatea. Ez dago ikasle-irakasle rol banaketarik; bi, hiru edo lau lagun elkartu eta euskaraz berba egitea nahikoa da.
Aste bukaerak: Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatzen dira: afariak, mendi irteerak, kultur txangoak... Proiektuko partaide guztiei daude zabalik, euskaldun berri zein zaharrei, giro euskaldunean ondo pasatzeko helburuarekin.
Aurten, baina, eskaintza berri bat jarriko dute martxan: Zahar Berri poteoak. Iazko kurtsoan egin zuten lehenengoa eta, primeran irten zenez, hilabete guztietan egitea pentsatu dute aurtengorako. Lehenengoa urriaren 26an egingo dute. Eta zuk zergatik ez?

