ERDU AEKn 4. MAILA 2006-2007an
2006-07-21 ¦ Oskar Elizburu
Erdu AEK Euskaltegian 4. maila emango dute datorren ikasturtean. HABEk 10 euskaltegiri eman dio horretarako bidea datorren ikasturterako eta ERDU AEK horietako bat izango da.
Erdu AEKk, urteroko berrikuntza planetan, Xede Bereziko Taldeei garrantzia handia eman die azken urteotan. Irale proiektuaren barruan irakasleendako ikastaroak, lan mundurako eta gurasoendako ikastaro bereziak eta Berbeta Berua lantzekoa ditugu adibide. Bide berari jarraiki, datorren urterako eskaintza berria izango du, izan ere 4. maila lantzeko HABEk zabaldu duen bidean, buru belarri sartu da.
Hamar euskaltegi pilototan jarriko dira abian 4. mailako ikastaroak.( Iaz hasitako 5 eta 5 berri) Ikastaroa 3.maila edo EGA dutenentzat, zein idatz eta mintzamen maila jasoa izan gura dutenentzat izango da. Proiektu bat burutu beharko dute ezinbestean maila gainditzeko, eta ondoren, agiria jaso gura izanez gero, proba ere gainditu behar izango dute. Ikastaroa astean 10 ordukoa izango da, erdiak euskaltegian eta beste erdiak etxerako lanak betetzeko, denak ezinbestekoak.
Ikastaroa oso interesgarria da irakaskuntzan, euskalgintzan, administrazioan edo beste hainbat arlotan lanean dihardutenentzat, horretarako titulazioa lortzeko zein hizkuntza maila bera hobetzeko.
Irailean zabalduko da matrikula eta informazio zehatzagoa emango da.

