Lan ildoak

Euskalgintzaren komunikazio plana diseinatu eta lantzen ari da lan-talde hau, euskalgintzak bere eragina areagotu nahi badu ezinbestekoa baitu komunikazio bide arin eta eraginkorrak izatea bai lan-taldea osatzen dugun erakunde eta partaideen artean, baita herritarrei begira ere. Beraz, bi arloak landuko ditu euskalgintzak: barne komunikazioa eta kanpo komunikazioa.

Barne komunikazioa:

Asko gara Arrasateko euskalgintzako erakundeak eta, nahiz eta lankidetzarako dagoen giroa eta gaitasuna aipagarriak diren, euskalgintzan egiten diren urratsak eta hartutako erabakiak barruko alderdi guztiei helarazteko biderik eraginkorrenak aurkitu behar ditugu: izan ere, gure artean ondo komunikatuta egon behar dugu, horren ostean herritarrei zabaldu beharreko mezuak adostuta, zuzen definituta eta zehaztuta egoteko. Barne komunikazioaren ardatzak izango dira:

  • Komunikazio arduraduna: planaren dinamizatzailea izango da. Berak kudeatuko ditu euskalgintzaren izenean kaleratu beharrekoak.
  • Posta zerrenda: edozein partaidek izango du gainerako guztiei informazioa e-postaz bidaltzeko modu erraz eta azkarra.
  • Intranet: hemen gordeko dira euskalgintzaren aktak, dokumentuak eta gainerako materiala, edozeinek kontsultatu eta erabili ahal izan dezan. Partaide guztiek izango dute sarbidea. Dinamizatzaileak kudeatuko du.

Kanpo komunikazioa:

Arrasateko euskalgintzak bere helburuak bete ditzan ezinbestekoa du herritarren laguntza eta inplikazioa. Herritarren partehartzea ahalbidetuko du herriarekiko komunikazio aktiboak. Kanpo komunikazioaren ardatzak izango dira:

  • Irudi korporatiboa: taldeak irudi garbia, antolatua, serioa eta definitua transmitituko du. Arteman-ek landu du.
  • Web gunea: hemen eskuratuko du interesa duen orok euskalgintzaren inguruko informazio guztia; eta, informazioa jasotzeaz gain, iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera ere emango du.
  • Komunikabideak/Arrasate Press: euskalgintzak egiten dituen urrats nagusiak eta lortzen dituen emaitzarik garrantzitsuenak kaleratuko dira, bai herriko komunikabideen bidez, baita herri gaindikoak erabilita ere.