Zergatik da beharrezkoa plana?

Arrasateko euskalgintzak 2002ko otsailean bere diagnostikoa egin zuenean, besteak beste aldeko faktore hauek ikusi zituen:

  • Herritarren artean euskalgintzaren laguntzaile potentzial asko dago, euskarak gero eta prestigio handiagoa du Arrasaten eta giroa sortu da euskararen normalkuntzaren inguruan
  • Arrasateko euskalgintzako erakundeak asko dira eta gainera indartsuak, alderdi desberdinak ukitzen dituzte, kalitateko ekintzak eskaintzen dituzte, etengabe hobetzen saiatzen dira, esperientzia handia dute eta antolatzeko gaitasun handia dute.
  • Arrasaten garrantzitsuak dira merkataritza eta lan mundua euskalduntzeko egin diren aurrerapausoak
  • Arrasateko Udalak babes politiko eta ekonomiko handia ematen dio euskalgintzari eta inplikazio handia du

Arrasateko euskalgintza, beraz, arlo estrategikoetan zegoen jada kokatua: hezkuntza, lan mundua, komunikabideak, helduen euskalduntze-alfabetatzea... eta urrats garrantzitsuak emanak ziren eta ematen ari ziren euskararen normalizazioaren inguruan.

Kontrako faktore batzuk ere kusi ziren. Hauek, besteak beste:

  • Erabileraren beharraren kontzientzia falta da: euskaldunek erdaraz jarduteko joera dute eta euskaldun berrientzat zaila da euskaraz jardutea. Euskaldunek ez dute eguneroko jardunean eragile izateko ohiturarik
  • Euskalgintzak plana behar du inertziari ihes egin eta lehentasunak jarrita egin beharrekoak erabakitzeko... Euskalgintzaren lidergoa eta erakunde bakoitzaren eginbeharra behar beste definitzeke daude. Koordinazioa eta elkar ezagutzea falta da euskalgintzako erakundeen artean.
  • Arrasateko euskalgintzako erakundeak ez gara iristen sektore eta gizarte esparru guztietara

Argi ikusi zen, beraz, nahiz eta bakoitzak bere esparruan lan handia egin, elkartu beharra zegoela: orain arte bakoitza bere aldetik zebilen: sentsibilizazio kanpainak, erabilera sustatzekoak... egiten ziren herrian, lantokietan... sasoi desberdinetan eta bakoitzak bere baliabideen arabera. Emaitzak ere lortzen ziren, baina horrela indarrak sakabanatuta eragina txikiagoa zen eta indarrak batuz sinergiak lortzeko sasoia zela ondorioztatu genuen.