Aurkezpena

Euskararen egoerak kezkaturik elkartu ginen, 2000ko udazkenean, euskara sustatu eta bultzatzeko helburuarekin lanean ari garen Arrasateko 14 erakunde. Izan ere, herrian xede honekin lan handia egin bada ere, eta euskararen egoerak aurrerapauso garrantzitsuak eman dituen arren, ez dira oso baikorrak azken urteotako datuak.

UNESCOk egindako hizkuntza atlasaren arabera, euskara hegoaldean desagertzeko arriskuan da eta iparraldean arrisku larrian.

SEI Euskal Soziolinguistika Institutuak ere, 2001ean Kale Erabileraren IV. Neurketa egin zuenean, hau esan zuen: "2001eko Neurketaren arabera, Euskal Herrian kalean gertatzen diren elkarrizketen %13’5 euskaraz gertatzen dira. 1989tik hona ia hiru puntuko igoera izan du erabilerak. Hazkundea gertatu da, beraz, baina bilakaera oso motela da, %10’8ko erabileratik hamabi urtetan %13’5eko erabilerara igaro baikara soilik".

Datu hauek eta beste batzuek kezkaturik elkartu ginen euskararen eta euskalgintzaren diagnostikoa egin eta aurrera begirako lan ildoak finkatzeko.

Zer da Arrasateko euskalgintzaren plan estrategikoa?

Izenak berak dioen bezala, Arrasateko Euskalgintzaren Plan Estrategikoa Arrasateko euskalgintzak 2002-2006 urtealdirako diseinatu duen Plan Estrategikoa da, euskalgintza osatzen dugun erakundeon arteko elkarlana bultzatu eta euskararen normalizazioan, guztion artean eraginez, urrats tinko eta erabakiorrak emateko.

Bi lan ildo nagusi ditu Plan honek:

  1. Euskalgintza sendo eta eraginkorra lortu
  2. Herria euskaldundu arlo desberdinetako agenteekin elkarlanean

Horrela, guztion artean eraginez, lortuko baitugu euskarari bultzada sendo eta kualitatiboa ematea eta euskaldunok euskaraz bizi ahal gaitezen beharrezko baldintzak sortzea